753 euskal preso politiko

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren zerrendak, urriaren 6koak. Espetxe bakoitzean diren presoak eta helbideak.
Estatu frantziarrean eta beste.pdf

- Presoak, EPPK |
Erantzunak (0)


Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren zerrendak, urriaren 6koak. Espetxe bakoitzean diren presoak eta helbideak.
Estatu frantziarrean eta beste.pdf


EAE-ANV, EHAK, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasunaren aurkako epaiketen balorazioa egin dute. “ETAren aurka egin baino gehiago, ideia politiko batzuk desagerrarazi nahi dituzte”
Jone Goirizelaia, euskaraz
Kepa Landa, espainieraz
Iñako Goioaga, espainieraz
Kazetarien galderak, Jone eta Iñakoren erantzunak, euskaraz
>> gara.net: Los abogados constatan que las sentencias e ilegalizaciones siguen el dictado de la Policía
>> berria.info: Auzitegien bidez esparru politiko bat desagerrarazi nahi dutela diote abokatuek

“Euskal presoak Euskal Herrira” irakur zitekeen pankartaren atzean, 30 bat langilek baino gehiagok egin dute elkarretaratzea, gaur eguerdian, Algortako Telletxe kaleko oinezkoentzako gunean. Eskumaldeko LAB sindikatuak hilabetean behin egiten du kontzentrazioa Ipar Uribe eskualdean, beti lehenengo ostiralean eta herriz herriz txandakatuz, 12:30ean hasita. Bestalde, iluntzeko 8etan, 47 lagun batu dira Telletxe plazan, besteak beste, Anjel Figueroa preso gaixoaren egoera larriaz ohartarazi eta Iker Beristain “Beris” eta Paul Asensio Euskal Herritik are gehiago urrundu izana salatzeko. Manex Zubiaga eta Lexuri Gallastegiri ia 1.500 urteko espetxe zigorra jarri berri dietela ere jakinarazi dute bertan. Hartara, bihar, arratsaldeko 5:30ean, Bilboko Aita Donostia plazatik abiatuko den manifestaziora joateko deia egin dute. Bitartean, urriaren 11n Sopelan egingo duten elkartasunezko bertso bazkarirako txartelak (15 euro) Amnistia tabernan ere jarri dituzte salgai. Argazkian, LABek goizean egindako kontzentrazioa.

Julen Arzuaga AAMren kontrako auzian epaitua
Herritar bakoitza bere eskubideak defendatzen hasten denean hasiko dira gauzak aldatzen Arzuagaren iritzian.
«Herrietan lan egiteko garaia da; konfiantza dut herritarrengan»
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren (AAM) kontrako auzian epaitu zuten Julen Arzuaga. Epaimahaiak absolbitu egin zuen. Nolanahi ere, ez ditu ahaztu espetxean dauden 11 lagunak, eta batzuk preso sartzea besteak libre uztea bezain «injustua» dela uste du. Bihar, 17:30ean Bilboko Aita Donostiatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin du, errepresioa salatzeko.
AAM zigortzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zer ondorio dakartza horrek?
Epaiak esaten du Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB) eta Askatasuna legez kanpokoak eta terroristak direla. Aste honetan bertan ikusi dugu Segi talde armatu bezala tratatu dutela komunikabideetan. Txarrenean jarrita, ondorio bera ekar dezake. Baina AAM oso mugimendu zabala da, herrietan sustraituta dago. Zaila edukiko dute uholde hori guztia gelditzea. Ikusiko da noraino eraman nahi duten.
Epaiak errepresioari bidea libre uzten diola salatu duzue. Zergatik?
Espainiar agintariak eroso daude gazteluetan, giharrak erakusten. Esan zuten indarkeriaren ziklo luzea pairatuko genuela, eta nik ulertzen dut Estatuaren biolentziaren ziklo baten aurrean egonda, errepresioaren kontrako ahotsak isilaraztea nahiko dutela. Beti esan dugu AAM lekuko deseroso bat izan dela estatuarentzako, bere zabor guztia mahai gainean jarri dugulako.
Epaiketaren hasieran esan zenuten helburua estatua epaitzea zela. Lortu duzuela iruditzen zaizu?
Epaiketan eraman dugun lerroa hori izan da. Estatua salatzea, mahai gainean jartzea AAM zer den eta zeri erantzuten dion. Hori lortu dugu nolabait. Beste kontu bat da komunikabideetan zein arrakasta lortu dugun, baina badakigu komunikabide batzuek nola jokatzen duten. Mezu deseroso horrekin jokatu dugu «estatu horrek torturatzen du, kartzela politika kriminal bat dauka, salbuespen neurri eta epaitegiak erabiltzen ditu Euskal Herriaren kontra…». Hori esatera joan ginen salbuespen tribunal horretara.
Epaiak jasotzen du egiazkoa ez den mezua zabaltzen duzuela…
Bereziki iltzatuta daukat «egiazkoa ez den» mezuarena. Saiatu ginen gure hitzarekin eta lekukoekin mezua zabaltzen. Bertan egon ziren torturatuak, kartzela politika sufritzen dutenak, Estatuak exekutatutako pertsonen familiakoak… Epaileak etengabe esaten zuen kontu horiek ez zirela epaitzen. Ez ziguten utzi hori azaltzen, baina epaitu egin zuten, eta sententzia sartu, gure mezua gezurrezkoa dela esanez. Bi irakurketa egiten ditugu: gure mezuak min ematen diela eta mezu hori estaltzen saiatzen direla. Baina ez dute lortzen mezua ez delako gurea bakarrik, errepresioa sufritu duten guztiena delako.
Mezu hori entzun zen epaiketan eta bestaldetik poliziaren bertsioa. Eta epaia atera dute. Norbanakoen kontra egiteko argudioak oso ahulak dira. Zer balorazio egiten duzue?
Gure ardura banan-banan jartzerakoan erabili duten argudioa gure lana da. Iker Zubiak esan zuen torturatu egiten dela; hori esateagatik AABko kidea da, eta, beraz, erakunde terroristakoa. Beste batek esaten zuen Euskal Herria desmilitarizatzeko dinamikak martxan jarri behar direla; beraz, AABko kidea da, eta terrorista, kartzela politika salatzeagatik… Baina hori guztia geuk onartu genuen, ez genuen behar polizia baten interpretazioa. Epaia penagarria da teknikoki eta juridikoki.
Batzuen kontra epaiketan esandako hitzak jasotzen dira. Epaiketaren aurretik ez zuten ezer haien kontra?
Elementu hori ere larria da, eta ez bakarrik zigortu dituztenengatik, baita absolbitu gaituztenengatik ere. Epaiketan zehar esandakoengatik batzuk zigortu eta beste batzuk absolbitu egin gaituzte, baina gu ez gara defenditu, guk ez dugu ezer esan ez gure alde eta ez kontra ere. Jende guztiak ezagutzen zuena esan genuen. Baina beren burua justifikatzeko norbait absolbitu behar zuten; eta lau urtez espetxean eduki dituztenak zigortu dituzte ez esateagatik estatuak huts egin duela. Ez diete erreparatu justizia tribunal batek erreparatu behar dien gauzei. Baina hori aldez aurretik ere bagenekien.
Zu libre utzi zaituzte, baita Ixone Urzelai eta Juan Antonio Madariaga ere. Aurretik beste hiru lagunen kontrako akusazioa erretiratu zuen Fiskaltzak. Zein desberdintasun dago zuen eta zigortu dituztenen artean?
Batetik, guztiok lan berdintsua garatu dugu. Batzuek Senideetan, beste batzuek presoen alde, askatasun demokratikoen alde, nire kasuan nazioartean… baina guztiok izpiritu berarekin. Bestetik, guztiok egin dugu hori inoren aginduak bete gabe. Eta hirugarrenik, guztiok eduki dugu epaimahairen aurrean jarrera bera: epaimahaia salatu, estatu errepresioa salatu eta defentsa juridikoari uko egin. Beraz, maila berean izan da injustua haien zigorra eta gure absoluzioa. Argi geratzen da inolaz ere ez zutela justizia egingo gure kasuan.
Esan duzu nazioartean aritu izan zarela lanean. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak onartu al dezake epai hau?
Estrasburgoko Auzitegiak ez dakit, baina kasu honek alarma gorria piztu du hainbat sektoretan. Justizian aritzen diren erakunde eta abokatu elkarteek adierazpenak ere egin dituzte. Urrian Nazio Batuetako Giza Eskubideen Komitea batuko da, eta kasua aztertuko dute; Nazio Batuetako kontalari bat joan zen epaiketara… Arreta lortu da. Nazioartean ulertzen da lan publiko, garden eta baketsua egin duen giza eskubideen aldeko erakunde bat epaitu dutela. Eta horrek zeresana piztu du. Hemen gertatzen dena ez da posible Europako gainontzeko herrietan. Estrasburgo, 7-8 urtetara iritsiko da. Ikusi beharreko bide bat da. Emaitza polita atera daiteke. Urrats baikorrak egingo diren itxaropena dut.
AAMk egiten duen salaketa milaka lagunek egiten dute Euskal Herrian, azpimarratu duzuen bezala. Orain, zer gertatuko da mugimendu horrekin. Eta salaketarekin?
Larria da epaia, oso larria da 21 pertsonaren kontrako epaia, eta haiek sufritu egingo dute. Pertsona horien egoera kontuan hartu behar da. Baina 21 pertsona horien atzean milaka daude. Zer gertatuko da? Nik ez dakit noraino iritsiko den estatuaren apustu errepresiboa, orain 754 preso politiko daude, ez dakit marra hori non ipini nahiko duten. Baina herrietan salaketa egiten jarraituko dute. Orain da momentua herrietan lan bat egiteko. Ez dira arrazoiak falta lanean jarraitzeko. Ez daukat zalantzarik lan emankorra egiten dela. Konfiantza dut herritarrengan.
Haika-Segi eta 18/98 etorri ziren aurretik; EHAK, ANV, Udalbiltza, Batasuna, Egunkaria… Noraino iritsiko da ilegalizazioen soka?
Hori da hasieratik genuen zalantza. Hau zoramena da. Mozkorraldi errepresibo batean gaude. Bat da mozkorraldi hori noiz amaituko den, eta bestea errepresio horrek eragindako ondorioak nola konponduko dituzten. Nire kezka nagusiena da: demokrazia non? Eta noiz arte dira kapaz oso kaltetuta dagoen demokrazia hori murrizten jarraitzeko? Kezka handia dut. De la Vegak esan zuen ez garela sartzen beren demokrazian. Demokrazia batean herri eta herritar guztiek daukate lekua. Zer nahi dute? Gu guztiok preso edukitzea? Eskubide zibil eta politikorik gabe egotea? Haiek erantzun behar diote galdera horri.
Eta nola baloratzen duzu politikarien jarrera?
Kezka sortzen dit horrek ere, gure gertuko autoritateek noiz arte jasango duten demokrazia honen atzerapauso etengabea. Arduradun autonomikoek onartzen dute Zuzenbide Estatua gero eta atzerago dagoela, baina ez dut entzuten zein neurri eraginkor jarriko dituzten martxan herritarrak eta herritarrek hartzen dituzten erabakiak defenditzeko. Eskubideez hitz egiten ari gara, eskubide urraketen biktimez. Biktima horiei egindako kaltea nola konpondu? Noiz bermatuko zaie berriro ez zaiela hori guztia gertatuko?
Manifestazioa izango da larunbatean, debekatzeko eskatu duten arren. Zer izan nahi du manifestazioak?
Paradoxikoa da manifestazioa debekatzeko eskatzea. Epaiketan ere gauza bera gertatzen zen, nola da posible errepresioaren kontrako talde bat errepresio gehiago erabiliz amaitu nahi izatea? Tamalgarria da. Balorazio bakarra egin daiteke: gauzak aldatzen hasiko dira herri honetako herritar bakoitzak hartzen duenean bere eskubideak defendatzeko indarra. Epaiketan zehar esaten genuen alderdi politikoetan ez genuela konfiantza askorik. Nik inorengan konfiantza baldin badaukat herritarrengan dut. Espero dut debekurik ez etortzea eta jende andana bat biltzea Bilbon.
>> gara.net: Errepresioari aurpegia jarriko diote bihar Bilbon

Pol Asensio (Algorta)
Paul Asensio Algortako semea eta Barrikako auzokidea Ocaña I (Toledo, Espainia) espetxetik Alacantera (Herrialde Katalanak) eraman dutela jakin berri du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Beste euskal preso politikoekin batera gose grebari ekin zion irailaren 1ean algortarrak, hainbat arazok bultzatuta: aurrez aurreko bisita intimoak eta elkarbizitzakoak asteburuetan debekatuak izatea, lan egiten duten presoen senideei bisita horiei ezinezkoak eginez; preso gaixoek manta elektrikoak eta botika nahikorik; ziegako kalefakzioa behar dutenean piztu ahal izatea eta ez soilik eguneko bi orduz egun bezala; lanak direla eta gimnasioa itxita dagoen bitartean bestelako jarduerarik ahalbidetzea. Bada, presoek irailaren 19ko gauean ekin zioten berriro elikatzeari, espetxeko bizi baldintzak eta komunikazioak hobetzeko konpromisoa hartu zuelakoan zuzendariak. Orain, baina, Alacanteko espetxera eraman dute Asensio. Bestalde, astelehenean, Frantziako Fleuroy-Merogis espetxetik Meaux-Cahuconin-Neufmontiers-era eraman zuten Iker Beristain Gutierrez “Beris” algortarrari bisitak murriztu dizkiotela ere salatu dute.
Paul Asensio Algortako preso politikoa urtarrilaren 2an eraman zuten Ocaña I espetxera (Toledo, Espainia), 2007ko abenduaren 27tik egun horretara Valdemoron (Madril, Espainia) izan ondoren. Ocaña I espetxea Getxo udalerritik 495 kilometrora dago. Asensiorekin batera, 18/98 auziko kondenatu gehienak sakabanatu zituzten egun horietan. Algortarra 2007ko azaroaren 30ean atxilotu zuen Espainiako poliziak, Barrikako bere etxean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Hasiera batean Soto del Realen (Madril) espetxeratu bazuten ere, Angela Murillo epaileak sententzia irakurri baino egun batzuk lehenago eraman zuten Navalcarnerora (Madril). Asensiori 11 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, “erakunde terroristako kide izatea” egotzita. Orain, Alacanten dago, Getxotik 823 kilometrora.
Dagozkien eskubide guztien jabe
EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA!

Gaixotasun larria eta sendaezina duen Anjel Figueroa Algortako preso politikoaren bizi baldintzen salaketa eta askatzeko aldarria Hego Amerikara heldu dira “Resumen Latinoamericano TV” telebista saioaren bidez. Argentinan, Uruguain eta Venezuelan zuzenean eta mundu osoan Internetez ikus daitekeen saioaren azken erreportajean, irailaren 25ekoa, Carlos Aznarez eta Maria Torrellas kazetariek Mari Karmen Fernandez Anjel Figueroaren amari egindako elkarrizketa emititu zuten. Fernandezek azaldu zuenez, Anjelekin egiten ari direna “soka estutzea da, noiz apurtuko zain, eta hori nire ustez jakindako mendekua baino ez da”. Preso algortarraren amak kontatzen du zelan espetxeetan 10 urte egin ondoren Figueroak epilepsia larria zuela jakin zutela, Kordoban jende aurrean izandako krisialdiengatik. Aurreko episodioak inkomunikazio egoerak eta Anjelek konortea galtzeak estali zituzten. Orduan lobotomia ebakuntza egin zioten presoari: “burmuina zati bat kendu eta 15 egunetara berriro eraman zuten kartzelara, Anjel osatu gabe, eta handik aurrera infernuko zuloan gaude: leku aldaketak, jipoiak…”.
Semearen gaixotasun tamaina ezagutu zutenetik gauzak nabarmen okerrera egin arren, Anjelen amak presoarekin hasieratik krudelkeriaz jokatu dutela deritzo: “Anjelen zigorra ulertezina da. Hastear zegoen komando batean zebiltzan Algortako bi mutil, urduliztar bat eta Anjel. Ezer ez zeukan zulo batengatik eta bakoitza bere aldetik hutsaren hurrengoa den hainbat konturengatik zigortu zituzten. Ez dute inor hil eta Anjeli 56 eta besteei 59 urte jarri dizkiete. Eta orain epaia irmoa dela esanez horretara mugatzen dira epaileak”.
Argiago ere azaltzen du Mari Karmen Fernandezek: “nire semeak bere ama edo neskalaguna hil izan balu, 14 urteko zigorra izango zuen eta sei urtetan kalean egongo zen”. Beste preso ezagun batzuk ere izan ditu hizpide konparazioak egiteko: “Amedo, Dominguez, GALeko guztiak… daude kalean nire semeak baino urte gehiagoko zigorrak izan arren”.

Iker Beristain (Algorta)
Iker atzo atera zuten Fleuroy-Merogis espetxetik Meaux-Cahuconin-Neufmontiers espetxera eramateko. Espetxe hau Getxotik 974 kilometrotara dago. Bertan beste hiru euskal preso politiko dagoz.
Aipatu behar da Iker bizkarreko lesioa daukala eta azken aldian horretarako arreta eskatzen ibili dela, eta teorian zerbait egiteko zirenean eraman egin dute beste espetxera.
Beste aldetik, bere aita gaur bisita egiteko irten zen atzo bertan Fleury-Merogisera eta, horretara, semea ikusi barik bueltatu behar izan duela etxera.
Espetxeko helbidea
MEAUX – CHAUCONIN - NEUFMONTIERS
Centre Pénitentiaire
B.P. 20 177
Rue du Lycée - RD5
77.351 Meaux Cédex
Dagozkien eskubide guztien jabe,
EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA!

Manex Zubiaga (Algorta) Lexuri Gallastegi (Berango)
Espainiako Auzitegi Nazionalak 1.481 urteko espetxe zigorra jarri dio Manex Zubiaga algortarrari eta 1.476koa Lexuri Gallastegui berangoztarrari, 2001eko azaroaren 6an Madrilgo Corazon de Maria kalean lehergailua jarri izana leporatuta, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Juan Junquera Poliziako Unitate Zientifikoko idazkariordearen aurka atentatua egitea omen zen ETA erakunde armatuko talde horren helburua, 35 kilo lehergaiz betetako bonba autoa eztandaraziz. Atentatuan 94 lagun zauritu ziren. Madrid, Salamanca eta Toledoko hainbat etxebizitzetan egindako “miaketetan aurkitutakoan oinarrituta”, armak eta lehergailuak izatea, ibilgailuak lapurtzea eta erabiltzea, 95 hilketa saiakera, hilketarako konspirazio egitea, eta kalte handiak eta dokumentu-faltsutzea egiteagatik zigortu ditu Zubiaga eta Gallastegi Auzitegi Nazionaleko Penal arloko hirugarren aretoko Alfonso Guevara epaileak. Argazkian, presoen aldeko mobilizazioa Berangon.
Bi uribekostarrekin epaitu zuten Ainhoa Múgica Goñiri, berriz, 20 urteko espetxe zigorra ezarri dio Guevarak, dokumentu-faltsutzea egitea eta armak eta lehergailuak izatea egotzita, lehen aipatu komandoko arduraduna zelakoan. Ebazpenaren arabera, azken horrek ematen zizkien aginduak Zubiaga eta Gallastegiri. Baita gertaera berberengatik aurretik 1.000 urteko zigorra ezarritako Ana Belen Egues eta Aitor Garciari. Halaber, behin aske egonda, biktimengandik hurbil egon edota gertaerak izan ziren tokira joatea debekatu die hamar urtez algortarrari eta berangoztarrari epaileak. Erakunde terroristako kidetza edo partaidetza delitutik, ordea, absolbitu egin ditu Guevarak, dagoeneko horregatik zigortuak daudelako Frantzian. Hain zuzen ere, 2007ko maiatzean, Pariseko 14. sekzioko epaileek 10 urteko zigorra ezarri zieten biei. Beraiekin batera batera Xabier Abaunza (Gernika), Angel Lopez (Urtuella) eta Araitz Oiarzabal (Donostia) epaitu zituzten, hau da, 2002ko maiatzean Niort-en (Frantzia) batera atxilotu zituztenak. Horiei 14, 10 eta 7 urteko espetxe zigorra jarri zieten, hurrenez hurren. Epaiketarako espainiaratu ostean, egun Soto del Realgo (Madril) espetxean dituzte Zubiaga eta Gallastegi.
>> europa press: La Audiencia Nacional condena a penas de casi 1.500 años de cárcel a dos etarras que atentaron en Madrid en 2001

“Izan zirelako gara ta garelako izango dira” lema eurena eginez, dozenaka lagun atera dira kalera, Gudari Eguna dela eta, gaurko deitutako mobilizazioetan. Besteak beste, ehun lagun inguruk egin dute manifestazioa Algortako errepide eta kaleetatik. Itzubaltzeta / Romon, berriz, 40 bat lagunek parte hartu dute Santa Eugenia plazan izandako ekitaldian. Bestalde, Sopelan, Leioan, Erandion… ere bateratzeak egon dira. Batean zein bestean, “eroritako gudariei” omenaldia egin eta “borrokarako deia” luzatu dute. Adierazi dutenez, “egoera gordinetan” dator aurtengo Gudari Eguna: “inoiz baino errepresio handiagoa, egoera espetxeetan gero eta okerragoa, atxiloketak eta kartzelaratzeak, legez kanporatzeak, torturak…”. Nahiz eta “erasoa handia” izan, “inoiz baino gehiago” nazio eraikuntzarako eta “proiektu politiko guztiak bideragarri egiteko” garaia dela azpimarratu dute. “Borroka da horretarako bidea”, euren ustez. Bitartean, gaur arratsaldean, Bilbon eta Gasteizen egitekoak ziren manifestazioak debekatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Argazkian, Itzubaltzetan zintzilikatutako pankarta / Koska irratia.
Erregimen frankistak fusilatu eta 33 urtera, ETA erakunde armatuko kide izandako Juan Paredes “Txiki” zarauztarra eta Anjel Otaegi azpeitiarrari omenaldia egin diete eguerdian, Algortako Kasino plazan -ondoren manifestazioa egin dute-, ehun lagun inguruk. Hala ere, “eroritako Uribe Kostako gudariak” ez dituzte ahaztu nahi izan bertan bildutakoak. Aitor Elortza eta Xabier Galdeano algortarrei, Luis Maria Zuluaga “Zulu” pinuetarrari, Iñaki Aurrekoetxea “Sope” eta Dabi eta Mario Alvarez sopeloztarrei eta Eugenio Gutierrez “Tigre” leioaztarrari ere eskaini dizkiete aurreskua eta krabelin gorriak. Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, lehen aipatutakoez gain, herrian bertan hildako Jon Etxeberria “Beltza” amezketarrari eta Jon Pagazaurtundua “Pagaza” laudiotarrari ere egin diete gorazarre 40 lagun inguruk. ETAko militante gazteak 1973ko azaroaren 28an hil ziren, Lope de Vega kalean, auto batean lehergailua jartzen ari zirela esku artean eztanda egin zienean.
Giza katea
Hain zuzen ere, toki horretara abiatu dira gero, giza katean, bertan ere lore eskaintza egiteko. Horretaz gain, “eroritako azkenak” gogoratu dituzte, Cabo Verden hil zen Endika Iztueta santurtziar iheslari politikoa tartean. Bitartean, Txabi Etxebarrieta bilbotarretik hasi eta Iztuetara heldu, hildakoen eta desagertuen (Jean-Louis “Popo” Larre eta Edorta Moreno “Pertur”) izenak oroitzeko kartelak jarri dituzte Itzubaltzetako kaleetan; 157 izenez osatutako zerrenda luzea, hain zuzen. Algortako Telletxe kalean, berriz, Txiki, Otaegi, Mario, Dabi, Sope, Zulu, Tigre, Galdeano eta Elortzaren argazkiak jarri dituzte ikusgai. Algortan bertan “eroritako” Eustakio Mendizabal “Txikia” ETA erakundeko kidearen irudia, ordea, ez da inon agertu. Ez Algortan, ezta Itzubaltzetan ere.

Pol Asensio (Algorta)

Ocaña I espetxea, Algortatik 489 kilometrotara
Ocañan (Toledo) aurkitzen diren euskal preso politikoak -tartean Pol Asensiok- duela egun batzuk bertan behera utzi zuten irailaren 1ean hasitako gose greba. Azken borroka honen helburua komunikazioak gauzatzeko Zuzendaritzak ezartzen zituen oztopoak deusestatzea. Preso batzuk ia urte bete izan dira “vis a vis” intimorik gabe. Azken egunetan jasotako informazioen arabera, preso politikoek borrokaren bidez lortu dute zuzendaritzaren aldetik konpromezuren bat, eta ondorioz bertan behera utzi dute 20 egun iraun duen gose greba mugagabeak.
Idoia, bertan dagoen Iñaki Erroren (Iruñea) naskalagunak azaldu digu elkarrizketa batean zein den egoera.
Dagozkien eskubide guztien jabe
EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA